XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

S.0. Zenbait hitz sarrera gisa Euskal Herrian aspaldidanik gertatu da gure hizkuntza nazionala oso gauza harrigarria eta interesgarria dela askok aitortzea.

Baina aitorpen hori bera ere erdaraz egitea (Etxabe, Larramendi, etab.); eta, hitz batez, goraipatzen den mementu berean euskara egiazki zokoratzea eta baztertzea ez da gaitz berria.

Era berean, eta Zientziari dagokionez, euskara oso harrigarria eta aztergarria dela esan dugu euskaldunok aspaldidanik; baina gure hizkeraren azterketa akustikoak ia-ia jaiokizun daude.

Eta azentuari dagokionez gauza berbera esan daiteke.

Orain dela oso urte gutxi arte (Deustuko Unibertsitatea 1983-an hasi baita ikerketa fonetiko-akustikoak egiten), geure herrialdean Laborategirik izan ez dugulako.

Frankismoaren urte luzeak, hain zuzen, ez dira oso egokiak izan euskal hizkuntzalaritza bultzatzeko.

Datu-behar hori antzinatik ezagutarazi zuten gure aurreko euskalariek.

Pentsa dezagun, esate baterako, Euskaltzaindiak berak, bere jaiotzaz geroztik, Urkixo-ren bidez egin zuen eskabidea.

Urteak aurrera joan ziren, ordea, ezer konpondu gabe.

Hots, tresna-bidezko oinarri akustiko hori gabe, nekez aurrera daiteke euskal azentuaren ezagueran.

Jakina ere: ikerketa akustiko hutsak, besterik gabe, ez digu soluzioa ekarriko.

Hizkuntzaren munduan pertzepzioa da nagusi.

Azterketa fisikoaren bidez aurkitzen diren ñabardurek, esate baterako, berez oso garbiak izanik ere, kasu honetan edo hartan hiztunengan pertzibitzen ez badira, edo hizkuntzan erabilpen-funtziorik ez badute, balio linguistikorik ere ez datxekie mintzaira horretan.

Datu akustikoez gain, beraz, azalpen linguistikoa eraiki behar da; datu fisiko berberak, oso funtzio desberdinak izan baititzake (are funtziorik bat ere ez) hizkuntzen erabilpenean.

Hala ere, datu fisikoak behar ditugu.

Katearen bi muturrak behar ditugu.

Akustikari dagozkion zifrak, batetik; baita hizkuntzalaritzari dagozkion irizketak ere.

Pertzepzioaren gailentasuna aitorturik ere, ikertzailearen barne-pattern delakoen garrantzia azpimarratu behar da.